XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Liburu mardula eta ondo tajutua

Nafarroako Bertsolaritza

Egilea: Pablo Jose Aristorena.

Argitaratzen du: Nafarroako Gobernuak. 268 orr.

DAKIZUENEZ, hiru gizaseme, hiru bertsozale eta zuzpertzaile omendu ditu Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak aurtengo Bertsolari Egunean: Teodoro Hernandorena, Mariano Izeta eta Emile Larre.

Hori dela eta, Nafarroako Bertsolaritza izenburupean, liburu mardul eta mamitsua plazaratu zaigu Pablo Aristorenaren eskutik Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Nire aipua ez nuke hasi nahi eskaintza moduan datozen hitzok hona zeharraldatu gabe: Ostatutzarretako anonimatoan ito diren nafar bertsolarier.

Egia handia eta zer pentsatua ematen duen aipamena horixe, izan ere Nafarroako bertsolari askok ilunbeta antzean bizi behar izan du; baina Nafarroan ezezik leku gehiagotan ere izan da koarto ilunean mundualdia eman duen bertsolaririk.

Ongietorriak, beraz, Pablo Josek eskaintzen dizkigun argi printza diztirati eta gozagarriak.

Berrehun eta hirurogeitamar orrialdetan banatzen den liburuak honako atalok biltzen ditu bere baitan; nola ez, omenduen biografia llaburra; bertako txapelketak oinarritzat harturik, Nafarroako bertsolaritzaren historia, eta Lasarte eta Xalbadorri eskainitako atal bana.

Nafarroan pentsatu, handik abiatu eta bertan borobildutako lana dela nik uste.

Aurtengo omenduak nortzu ziren kontuan izanik, hauei buruzko argibideak eta bertsoak tartekatzerakoan oreka ongi zaindua da ene iduriz.

Ezin esango dugu Nafarroako bertsolaritzaren historia osoa sartzen denik.

Oinarri edo abiapuntutzat hartu beharko da, baina ondoren etor litezkeen lanen erreferentzi puntu ezinbesteko bilakatuko da.

Erizpide guztiz pedagogikoei esker, egoki egituratu eta tajuturik dator liburua.

Ordena eta lan sistematikoa nabari dira.

Fotografia ezagunak dira batzu; beste batzu, ez hainbeste.

Baina egokiak bezain esanguratsuak denak ere.

Bertsoen kalitate aldetik ez du batasunik liburuak.

Badakigu Nafarroako bertsolari guztiak ez direla izan Xalbador edo Lasarteren mailakoak.

Bestalde, bertso asko eta asko txapelketakoak izanik, ez dago gehiegi eskatzerik.

Guztiarekin ere, ez da falta bertso ederrik; ezta barre darizuela utziko zaituzten Narbarte zenaren ateraldirik ere.

On dagizuela!

RUFINO IRAOLA